
ISBN: 978-84-1142-462-2
© Ainhoa Onsalo Otamendi
https://doi.org/10.58842/WTIZ4695
Sarrera
Programazio didaktikoa, irakasteko eta ikasteko prozesua hobetzearekin lotuta dagoen irakasle lanaren atal bat da, ikasi eta irakatsiren arteko bitartekaria izanik, zer irakatsi, nola irakatsi, etab. zehazten dituelarik. Funtsean, ikasleen beharrak eta ezaugarriak balioesten ditu, lortu nahi diren helburuak aztertuz, ikasleen arrakasta ahalik eta handiena izateko hartzen diren erabakiak zehaztuz. Lehenengo Zehaztapen Maila, Oinarrizko Curriculum Diseinua (OCD), administrazioak emana izango da. Euskal Eskola Publikoari buruzko, otsailak 19ko, 1/93ko legean; Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen den, Heziberri 2020, 236/2015 Dekretuan, abenduaren 22koan, oinarritzen da ondorengo programazioa. Bigarren zehaztapen maila berriz, ikastetxe bakoitzak OCDn oinarrituta egin duen Ikastetxeko Curriculum Proiektua (ICP) izango da. Eta azkenik, programazioa izango da Hirugarren Zehaztapen maila, hezkuntza jardueretatik eta ikasgelako lanetik hurbilen dagoena, irekia eta malgua izango dena.
Jarraian, proiektua bideratuta egongo den ikastetxeko ingurunea, hezkuntza proiektua, ikasgela eta haurren ezaugarriak azalduko dira. Hezkuntza prozesua aurrera eramateko erreferentzia eta curriculumaren ardatza diren oinarrizko gaitasunak ere azalduko dira, hauek garatzeko behar diren helburu orokorrekin batera. Hauek biak lortzeko, hain garrantzizkoak diren edukiak ere aipatuko dira, denboraren antolaketa, metodologia, aniztasunaren trataera, IKTak, ebaluazioa eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesua aurrera eramateko beharrezkoak diren Unitate Didaktikoekin batera. Hauek guztiak modu egokian sortzeko, Heziberri 2020 curriculuma kontuan izango da uneoro.
Proiektua, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei zuzenduta egongo da. Hauen ezaugarriak kontuan hartuz, ikaskuntza kooperatiboaren metodoa erabiliz, urte osoan zehar lantzeko hamar Unitate Didaktiko prestatu dira oinarrizko zientzia eta etorkizunerako bidea den matematika arloa landuz. Azken hau, funtsezkoa da haurren garapen intelektualerako, logikoak
izaten, zentzu batekin argudiatzen eta pentsamendu kritiko eta abstraktu bat izaten laguntzen zaielarik.
Matematika, zenbaketa, neurketa eta geometriako kontzeptuetatik eratorritako kontzeptu abstraktuak aztertzen dituen zientzia zehatza da, logikan oinarritzen dena. Matematikak, jarrerak eta balioak sortzen ditu. Batetik, adimen balioak egongo lirateke: ikasteko nahia, ezagutzak eskuratzea, ikasteko eta lan egiteko ohitura, informazioa erabiltzeko lan teknika intelektualak, benetako zentzu kritikoa, etab. Beste multzoa, balio moralek osatuko lukete: zuhurtzia, segurtasuna, norbanakoaren konfiantza, ekimena, zintzotasuna, lankidetza, elkartasuna, baikortasuna, errespetua, etab. Honengatik guztiarengatik, beharrezkoa da matematiken inguruko ideia positibo bat transmititzea.
Matematiken ikaskuntzak, bizitza osorako irauten du egunerokotasunean erabiltzen baita. Era horretan, ikaskuntza prozesua errazagoa, eramangarriagoa, aktiboagoa, ulergarriagoa eta garrantzitsuena, erabilgarria egiten da. Ezagutza eraiki egiten da eta edozein momentu da egokia kontzeptu berriak ikasteko. Matematikak eraikin batekin alderatu daitezke, izan ere, biak astiro eratzen dira. Horretaz gain, iraunkortasuna eskatzen dute hainbat maila bat bestearen gainean eraikitzen baitira. Era horretan, jakintzaren eraikuntzarekin, ikasleek jarduerak egiteko aukera izango dute, bai euren eguneroko bizitzan zein beste arloetan. Hau da, ez da ezerezean geldituko den eraikin bat, aitzitik, oso erabilgarria izango da. Laburbilduz, Heziberri 2020 curriculumean agertzen den modura, bizitzako aurreneko urteetan lantzen diren matematika ezagutzak bezain garrantzizkoa da ondoren landu eta indartu behar direnak, hurrengo jakintzen oinarriak finkoak eta sendoak izan daitezen.
Índice
- Sarrera
- Testuingurua
- Konpetentziak
- Helburuak
- Edukiak
- Denboraren antolaketa
- Metodologia
- IKT
- Aniztasun trataera
- Ebaluazioa
- Unitate didaktikoak
- Bibliografia